Alavesek = zerua
Alavesek garaipena lortu du etxean, eta atzean utzi ditu jaitsiera postuak :
Alavesek infernutik zerurako bidea egin zuen larunbatean.Ezin okerrago hasi zen arratsaldea itxaropenerako arrazoi bihurtu zen. Gasteizko taldeak gorriak ikusi zituen Ejidori etxean irabazteko, eta azken minutuetako oldarraldiari esker lortu zuen partidari buelta ematea. Etxeko lanak egitea, baina, ez zen nahikoa jaitsiera postuetatik irteteko. Zorionez Real Madrilek galdu egin zuen Vecindarion (2-1), eta orain Alavesek bi puntuko aldea du jaitsiera postuekiko.
Gasteizko taldeak bi aurpegi oso desberdin erakutsi zituen atzo. Lehen ordubetean iparra galduta aritu zen, nora ezean. Lehen zatian (36. minutuan) penaltiz gola jaso, eta ez zuen erantzuteko ahalmenik izan. Indarge eta burumakur, zaleen txistuak nagusitu ziren Mendizorrotzan. Defentsa lerroa urduri zegoen, eta Ardouin atezainaren hutsek ez zion lasaitzen lagundu. Atsedenaldia une ezin egokiagoan iritsi zen etxekoentzat.
Bigarren zatiaren hasieran, Alavesek ez zuen hobera egin. Harmailetan Pitermani kontuak eskatzeko eginiko pankartak jartzen hasiak ziren. Ejidok, baina, Alaves nahigabe berpiztu zuen bere atean sarturiko golarekin (62. min). Zaleak taldea animatzen hasi ziren, eta Jandrok hartu zuen lema erdi aldean. Etxekoek ordubetean ezkutuan edukitako grina eta abiada atera zuten. Real Madrilek jasotako bigarren gola akuilu ezin hobea izan zen, eta oldarraldiak hamar minuturen faltan jaso zuen saria , Paulistaren golarekin (82. min).


Zabaldu
del.icio.us